Herri batek hirigintzan duen tresnarik garrantzitsu eta eraginkorrena Hiri Antolamendurako Plan Nagusia da. HAPNk lehengo Arau subsidiarioak ordezkatzen ditu.
HAPNean definituko dugu zer herri eredu nahi dugun. Bertan, hurrengo zortzi urteetan, ingurumen arloan, arlo ekonomiko eta sozialean, etxegintzan, mugikortasun arloan, azpiegitura eta zerbitzu mailan, hornikuntzan eta ondare historiko eta kultural mailan egin beharrekoak antolatuko ditugu.
Beraz, Planak guztiongan izango du eragina, gure jarduerak markatuko du etorkizun hurbilean, eta guztiok bertan parte hartzeko eskubidea daukagu. Denok herri bizia eta bizigarria nahi dugulako, osasuntsu eta gustura biziko garen herria, gure seme-alabentzat izango den herria eraiki nahi dugulako.
Horrela ondorengo ariketa proposatzen dizugu oraingoan: hemendik zortzi urtera zer herri nahi dugun gaur diseinatzea. Udalak parte-hartze prozesu bat bultzatuko du Mallabiaren etorkizuna guztion artean adosteko.

• Herriaren identitatea eta egituraren mantentzea.

• Mallabiko balore natural, historiko, etnografiko, paisajistiko eta kulturalak babestea.
• Dauden auzoak sendotzea: Arandoño, Areitio, Berano, Gerea, Goita, Longa, Osma eta Zengotita.

• Mugikortasun iraunkorra bultzatzea, hau da, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasunari eta garraio publikoaren erabilerari lehentasuna ematea. Era berean, mugikortasunarekin lotuta herrian dauden puntu beltzei irtenbidea ematea.
• Mallabiko garapen jasangarriaren aldeko apustua egitea, lurzoruaren baliabide naturalak errespetatuz eta babestuz, eta lurzoruaren zentzuzko okupazioan oinarrituta.
• Ekintza sozio-ekonomikoen arloan, sektore desberdinen arteko garapen orekatuaren aldeko apustua egitea, lehen sektoreko ekintzak zainduz eta garatuz, eta ekintza industrialak berrantolatuz.

• Eraikitako ondarea leheneratzea eta optimizatzea, dauden etxeak eta eraikinak birgaituz eta egokituz.
• Etxebizitza politika, mallabitarrek dauzkaten beharrizanen araberakoa izatea, etxebizitza sozialak bultzatuz, alokairuan zein salmentan.
• Herriak dituen ekipamendu eta gune berdeen beharrizanei erantzutea.

Mallabiko Udala
Arteiz kalea,4 48269 Mallabia (Bizkaia)
Tel. 943 171 461 / 943 170 327
Faxa: 943 175 433
www.mallabia.org
mallabiaudala@euskalnet.net